GARRASTATXU
Landa-paisaiak
Garrastatxu baseliza Altube ibaiaren sakanaren gainean dago. Kokapen estrategikoa da eta Araba eta Bizkaiaren zati handi baten gaineko ikuspegi desiragarriak ditu.
Zehazki, tontor biribildu horrek Gorobel mendilerroaren eta Gorbeia Parke Naturalaren panoramika eskaintzen du, goian zerumugan. Mendiak ez ezik, basoak, pinudi zabalak, Altube eta Burbonako pagadiak eta Katxabasoko sakaneko haritzak eta arteak ere ikusi ahal izango dituzu.
Errukiaren Andra Mari baseliza 1626. urtekoa da, kareharri zizelkatuko eta proportzio harmoniatsuko tenplu ederra. Barruan, aldare churriguereskoa dauka eta, bertan, Errukiaren irudia nagusitzen da.
Baselizari erantsita, zezen-plaza dago. Karratua da eta Euskal Herriko zaharrena omen da. Horrez gain sarbide erraza duenez, gunerik erakargarrienetakoa da.
NOLA IRITSI
BARANBIO --> AP68 autobidetik, hartu Laudioko irteera eta jarraitu BI2522 errepidea Baranbioraino.
GARRASTATXU --> Baranbiotik ateratzen den (Hordago jatetxearen ondoan) eta baselizaren aparkalekuan amaitzen den mendi-bide batetik iristen da.
IBILBIDEA
Baselizatik dauden ikuspegiak zirraragarriak dira, eta proposatzen dizugun ibilbidea liluragarria. Ibilbidea haritzez eta artadiz beteriko mediterraneoko basoetatik igarotzen da ( 450 ha), eta baso atlantiko hutsean sartzen da; bertan, pagadi ezin hobeak daude.
Bidean, landaretzaz gain, honako animalia hauen aztarna ugari ikusi ahal izango dituzu: orkatzak, oreinak, basakatuak, basurdeak, azkonarrak eta erbiak. Zerura begiratuz gero, berriz, saiak, miruak, beleak, eperrak eta txoritxo piloa aurkituko dituzu. Hori gutxi balitz, bidea are interesgarriagoa da antzinako harrobien arrastoak, errota-harriak eta kirikiñausiak baitaude.
IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA
Bidea asfaltozkoa da hasieran, eta tenplua eskuinetara uzten du. GR kartel batera iritsiko zara (12,7 km Ipergortara). Hori ez da gure bidea. Gure jomuga parean zabaltzen den haritzez beteriko ibarra da.
Zuzen jaisten da, aldapa piko batetik, arte txikien artean Naturbidearen 4. Zutoinera iritsi arte. Bideak gaztainondoen artean (ezkerretara) jarraitzen du pinudi handi batera eta itxitako aterpe batera iritsi arte.
Inguratu aterpea (ezkerretik) eta sartu hariztian. Jarraitu erdiko bidegurutzetik, saihesbideei jaramonik egin gabe. Eskuinetara, Artabe erreka entzungo duzu, eta, aurrerago, errekatxo batek agian harri mugikorren gainean orekari eustera behartuko zaitu.
Jarraitu zelai txiki batean aurrera eta egin bihurgunea Artabe errekaren gainetik isurialdea aldatzeko. Hariztia dela eta, altuera galduko duzu (eskuinetara).
Jarraian, Amediano mendira eta Burbona bidera igotzen den mendi-bidea ikusiko duzu. Jaitsi Bortal errekaren ondotik (eskuina). Adi egon: Garrastatxu baseliza goian ikusten da, eskuinean.
Bidea jarraituta, Erreserba Naturalaren kartela ikusiko duzu. Beherago, Artabe eta Bortal errekek bat egin eta Errekandi eratzen dute, Naturbidearen 3. zutoinak adierazitako bidegurutzearen ondoan. Azken txanpa falta da. Igo (eskuinetara) aldapa batean gora 4. zutoinera iritsi arte. Azken malda besterik ez zaizu falta baselizara itzultzeko.
JAN
Garrastatxuko txosna
Larunbatak 10.00etatik 22.00etara
Igandeak eta jaiegunak 10.00etatik 20.00etara
Hamaiketakoak, anoak, bazkariak, afariak eta barazkijaleentzako menuak ematen ditu.
TELEFONOA: 653 741 625